XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errepublika Sozialista Sobietarren Alkartasuna, il da!

1991. Abenduak 8.

Amabirjiña Sortzez Garbiaren eguna.

Sobitarren Alkartea, gaur il da.

Itxura arroko piztia izan da, ez da beiñere kemen sendoegikoa izan.

Aspaldi indar-usturik zebillen eta gaur akiturik ei da.

Ez du iñork il.

Bera il da.

Auleriz.

Ukrani, Errusi eta Bielorrusi'ko Errepubliken lendakariek, aren eriotza munduari azaldu besterik ez dute egin.

Lenin eta Komunismoa izan zituen guraso, 1922'an.

Odoletan jaio zen, mozorro deabrukoi bildurgarria.

Iñork ez daki zenbat milloi izan diren mamu ikaragarri orren atzaparretan bizia galdu duten gizakumeak: 23 milloi? 40? 45? Geiago oraindik?

Zertarako izan zen sortua?

Langillediaren paradisua izateko.

Eta zer izan da?

Alderdi Komunistako agintarien paradisua!

Langilleen alde zer egin duen jakiteko, galde egiezute, beti abereak bezala askatasunik gabe, beti era makurrean eta azkenean gose gorrian bizi izan diren langilleei; langilleak ain zuzen jeiki bait dira amorrurik aundienaz mamu aren aurka.

Gosea, txirotasuna, beartasun orokorra.

Ori, Errepublika Sozialista Sobietarren Alkartea, bai lurrez eta bai lurpez, munduko lurralderik aberatsena dela!

Kanada eta Amerika'ko Laterri Alkartuak biak batera baiño aberatsagoa!

Zertan gastatu duen, bada, aberastasun ori?

Esan dezagun aurrena, ez dela gauza izan aberastasun orri dagokion dirua ateratzeko.

Komunismoaren erruz.

Komunismoa, ekonomia ibiltzen jartzeko, izan diteken sistemarik makurrena bait da.

Atera dituen diruak, gudarako armaz bere burua betetzen txautu ditu; eta kristautasunaren aurka lan egiten.

Zer lortzeko?

Izkillu edo armei dagokienez, gaur ez da Amerika'ri guda egiteko gai.

Eta kristautasunari dagokionez berriz, iñoiz baiño bizkorragoa ari da an kristautasuna berbizten.

Eta... orain zer?

Lituani, Letoni eta Estoni, leendik Laterri edo Estadu yareak ziren.

Orain Ukrani'k, Errusi'k eta Errusi Zuri edo Bielorrusi'k bakoitzak bere askatasuna erabaki du, eta iruen artean, beren arteko gauza batzuk konpontzeko, Laterri Askatuen Alkarte bat egin dute.

Europa'ko 12 Laterriek egiña daukatenaren antzekoa.

Ez ote zerbait mingarririk gertatuko?

Orri erantzuteko, Errepublika Sozialista Sobietarren Alkarteko gudarozte edo ejertzitu gorriak zer egingo duen jakin bearko genuke.

Zuzentasunaren araura, militarrek ez dute deus egiteko eskubiderik.

Baiña badaki mundu guztiak, militarrek iñork eskatzen ez dien gauzetan muturra sartzeko zoritxarrez izan oi duten zaletasuna.

Militar oiek badute atomik-bonba.

Or dago munduarentzat arriskurik aundiena.

Militar oiek beren artean borrokan asten badira, ez ote dira, borroka galdu aurretik, alkarri bonba madarikatu oiek botatzen asiko?

Jainkoak gorde beza, orrelako ondamenetik, mundua!

Egoki deritzait onako au emen oroitzea: Amabirjiña'k Fatima'ko umeei, Errusi konbertituko zuela iragarri ziela.

Eta ori, 1917'garren urtean: Errusi'n oraindik komunismoa oiñarritu gabe zegoenean!

Latiegi'tar Bixente